• C/ Bergara 20, esc Izq, 1ªA, Donosti
  • 943 42 29 91

Munduan zehar jateko modu ezberdinak

Munduan zehar jateko modu ezberdinak

Oporren oroitzapena oraindik buruan dugula hasi behar izaten dugu berriz ere irailean errutinarekin. Orain ohitura onak berreskuratzeko garaia denez, munduko gastronomia ezberdinetan zehar bidaia txiki bat egitea proposatzen dizugu itzulera eramangarriagoa izan dadin. Uda honetan bidaiaren bat egin baduzu, ziur janari ezberdin asko probatu duzula. Zer ikas dezakegu jaki horietaz?

Kultura eta gastronomia ezberdinak

Bidaiatzeak duen xarma handienetako bat kultura ezberdinak eta leku zoragarriak ezagutzea da, baina baita bertako jendea, ohiturak eta jateko moduak ere. Ez dago oso urrun joan beharrik osagai eta plater exotikoak aurkitzeko, izan ere, leku bakoitzak bere tokiko gastronomia du, hainbat mendetako historiaren eta tradizioen fruitua.

Gure organismoak behar dituen elikagai guztiak eskuratzeko behar bezala elikatu behar dugu, eta elikagai hauek munduko jaki oso ezberdinetan aurki daitezke. Ondorioz, herri bakoitza planetaren gunearen arabera lurrak eskaintzen dituen produktuetara egokitu da. Adibidez, Asian arroza da dietaren oinarria, Amerikan aldiz artoa da eta Mediterraneoko herrialdeetan garia da antzinatik oinarrizko zerealtzat duguna.

Janaria ohituren ondorioa ere bada. Japoniarrak oso ohituta daude algak eta ozpinetako barazkiak jatera, baina fruta freskoari dagokionez, oso aukera gutxi dute, guk ez bezala. Asiako (India), Afrikako edo Latinoamerikako beste herrialde batzuetan oso plater pikanteak jaten dituzte, eta intsektuak eguneroko mokadu elikagarria diren kulturak ere badaude.

Elikadura beste kultura batzuekin izandako harremanaren fruitua ere bada. Honela iritsi ziren Europara gaur egun oinarrizkoak diren eta gure dietara egokitu diren tomatea, patata edo piperra bezalako produktuak. Baina jatea bizirauteko modu bat ere bada, eskuragarri dagoen horretara egokitzeko beharra. Hori dela eta, Europako herrialde hotzenetan barazki eta arrain hartzitu asko dago eta baita guretzat oso arraroak diren produktuak ere, angurri hartzitua esaterako.

Mediterraneoko dieta, mundu osoan jarraitzeko eredua

Beste gastronomia batzuk ezagutzean, mediterraneoko dietaz gozatu ahal izateko dugun zortea gehiago balioesten ikasten dugu. UNESCOk Gizadiaren Ondarea izendatu du eta gero eta ikerketa gehiagok ziurtatzen dituzte dieta honek dituen onurak. Dieta anitza, aberatsa, osasuntsua, iraunkorra eta orekatuaren adibidea da:

  • Barazki-produktu ugari: frutak eta barazkiak, lekaleak eta fruitu lehorrak.
  • Osoko zerealak energia-iturri gisa (ogia, pasta, arroza…).
  • Esneki natural asko (esnea, jogurta, gazta…).
  • Kalitate handiko proteina gihartsuak, arrainaren garrantzia nabarmenduz.
  • Oliba-olio birjina estra janaria prestatzeko eta gatzozpintzeko koipe-iturri gisa.
  • Haragi gorriaren noizbehinkako kontsumoa.

Dieta atlantiko gisa ezagutzen denak ere eredu hau jarraitzen du, baina Mediterraneoko herrialdeetan produktu freskoz betetako janaritegi oso anitza dugu, eta urtaroaren arabera aldatzen joaten da. Munduko beste leku batzuetatik iristen diren osagai exotikoak eskuratzeko aukera izatea interesgarria den arren, gure gastronomiaren alde egiten badugu osasunean inbertituko dugu.

Oporren ondoren berriz erritmoa hartzea kosta egiten bazaizu, gogoratu Lur Garmendia Elikadura Kontsultan zure beharretara gehien egokitzen diren helburuak lortzen laguntzeko zerbitzu pertsonalizatua eskaintzen dizugula. Kurtso berriari energia berrituarekin aurre egiteko, aprobetxatu, dieta mediterraneoa oinarri hartuta ondo eta osasuntsu jatearen plazera berriz aurkitzeko aukera.